basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 23
apirila
2010

Munduko Bodyboard Txapelketa Brasilen.

Eunate Agirrek Brasilen hasiko du maiatzaren 4an Munduko Bobyboard Txapelketa lortzeko bidea

Iaz bodyboard kirol-espezialitateko txapeldunorde bilakatu zen Eunate Agirre euskal kirolariak maiatzaren 4an hasiko du Brasilen denboraldi berria, Bruzios herrian jokatuko den Grand Slam-eko lehenengo proban parte hartuz. Eunatek BAT Basque Team-en babespean dihardu kirol-jardunean, eta gaur, Sopelan aurkeztu ditu –herri honetan bizi da eta hemengo hondartzetan hasi zen kirol honetako ibilbidea- datozen hilabeteotarako kirol-egutegia eta bere webgune eraberritua, Internacional Bodyboarding Association-IBA Tour deritzon bodyboard profesionalaren zirkuitu nagusiko bere partehartze guztiak jarraitzeko aukera eskainiko duena (www.eunateaguirre.com)

Eunate Agirre duela 28 urte jaio zen Bilbon, baina Sopelan bizi da gaur egun. Herri honetan hasi zen, 11 urte zituela, uhinen gainean irristaka. Lehenengo txapelketa 1995ean jokatu zuen, eta azken zazpi denboraldietan kirol honetako munduko elitearekin lehiatu da eskuz esku. 1998 eta 2000 urteetan Europako Junior Txapelketan nagusitu zen. 2006an bosgarren amaitu zuen IBA Tour delakoa, eta 2007an Europako txapelduna izan zen. 2008an, laugarren bodyboarder onena izan zen nazioarteko zirkuituan. Iaz, kirol honetako elitean kokatu dela berretsi zuen, IBA Tour bigarren postuan amaituz eta zirkuituan guztira 5.405 puntu lortuz, lehen postuan amaitu zuen Neymara Carvalho brasildarraren puntuaziotik (5.420) oso-oso hurbil, 15 puntuko aldera alegia.

Eunateren 2010eko denboraldiko egutegia, datozen zazpi hilabeteotan lau herrialde desberdinetan (Brasil, Venezuela, Portugal eta Espainia) egingo diren zazpi probaz osatuta dago. Zoritxarrez, aurten ez da probarik jokatuko Sopelan, ezta olatuen kiroletan ezinbestekotzat jotzen diren Hawai edo Australiako hondartza ezagunetan ere. Krisi ekonomiko globalak eragin latza izan du antolatzaile eta babesleen gainean, baina hala eta guztiz ere, tituluaren aldeko norgehiagoka beti bezain estua eta ikusgarria izatea espero da.

Eunate Agirrerekin batera, Neymara Carvalho brasildarra izango da aurten ere faborito nagusietakoa, baina litekeena da bost aldiz txapelduna izan ondoren aurtengo lehiaketa lasaiago hartzea. Ildo horretan, iaz hirugarren eta laugarren postuak lortu zituzten Jessica Becker eta Isabella Sousa brasildarrak izango dira, seguraski, denboraldi berri honetan garaitu beharreko arerio nagusiak.

Hauexek dira egutegiko hitzordurik garrantzitsuenak, eta azken sailkapenean puntuaziorik handiena emango dutenak, Grand Slam-eko proba bakarrak diren heinean: lehendabizikoa Bruziosen (Brasil) jokatuko da maiatzaren 4tik 9ra bitartean; gero Sintrako (Portugal) proba izango da, abuztuaren 24tik 29ra, eta azkenik, Kanaria Handian (Espainia) lehiaketari amaiera emateko jokatuko den norgehiagoka, abenduaren 1etik 5era bitartekoa. Azken sailkapena Grand Slam-eko probetan lortutako hiru emaitzarik onenak eta gainerako probetan lortutako bi emaitzarik onenak gogoan hartuta osatuko da. Hona hemen egutegi osoa:

· Maiatzak 4-9 Mayo: Buzios (Brasil)
· Ekainak 15-20: Arikok Aruba (Venezuela)
· Abuztuak 24-29: Sintra (Portugal)
· Urriak 12-17: Santa Catarina (Brasil)
· Urriak 19-24: Rio de Janeiro (Brasil)
· Urriak 28-31: Isla Margarita (Venezuela)
· Abenduak 1-5: Kanaria Handia

Bodyboard delakoa, Hawain 60ko hamarkadaren amaieran sortutako muturreko kirola da, olatuen gainean ohol txiki eta malgu batez irrista egitea xede duena, aurrera egiten laguntzen duten hegal batzuez baliatuta eta abiadura handiko jauzi eta artaziak eginez. Lehen mundu-txapelketa 1982an jokatu zen.