urria
2009
Cespa Euskadi-ren denboraldi berria.
Cespa Euskadik Londreseko 2012ko hitzorduari begira ekingo dio denboraldi berriari.
Cespa Euskadi txirrindulari taldeak berezko distiraz gailendu nahian parte hartuko du datozen hiru hilabeteetan Manchester, Melbourne, Cali eta Beijing-en jokatuko diren Munduko Kopako lau probetan, denboraldiaren amaierako Espainiako Txapelketari eta Kopenhagen jokatuko den Munduko Txapelketari behar bezala aurre egiteko asmoz. Joan den asteburuan, Ganten (Belgika) jokatu diren denboraldi hasierako europar jokoetan, espainiar selekzioko kideen erdiak Cespa Euskadi taldekoak ziren, eta Unai Elorriagak brontzezko domina bat lortu zuen.
Unai Elorriagarekin batera, Cespa Euskadi taldea honako txirrindulari hauek osatzen dute: Leire Olaberria eta Ana Usabiaga gipuzkoarrek, Iban Leanizbarrutia eta Martzel Elorriaga bizkaitarrek eta Hodei Mazkiaran nafarrak, Raul Menaren zuzendaritzapean. Taldekideek brontzezko domina bat eta diploma bat lortu dituzte azken olinpiadetan, bi domina Europako txapelketetan (urrea eta zilarra), bederatzi domina Munduko Kopako proba desberdinetan eta ia 50 garaipen modalitate eta kategoria desberdinetako txapelketetan.
Pistako txirrindularitzan, garrantzi handiko sariak lortu dituzte euskal kirolariek azken bi olinpiadetan, Asier Maeztuk 4.000 metroko taldekako jazarpenean irabazi zuen brontzeari (Atenas 2004) eta Leire Olaberriak puntuazioan erdietsitako brontzeari esker (Beijing 2008). Bagaje honekin eta BAT Basque Team-en babespean, Cespa Euskadi taldeak garaipen berriak lortu nahi ditu pistako denboraldi hasi berrian, baina bere helburu nagusia epe ertainekoa da, Londresen 2012an jokatuko diten Olinpiar Jokoak, alegia.
Apostu estrategikoa
Hitzordu horri begira dauden aurreikuspen paregabeen haritik –orain arte lortutako emaitzak eta Cespa Euskadi taldeko kideen bilakaera gogoan hartuta–, pistako txirrindularitza BAT Basque Teamen apostu estrategiko bihurtu da. Espezialitate hau da, munduan dagoen nazioarteko kirol erakusleiho eta hitzordu garrantzitsu horri begira, gure kirolariek arrakasta lortzeko aukera gehien eskaintzen dutenetako bat.
Cespa Euskadi txirrindulari taldea, gure txirrindulariek kirolari bezala aurrera egin eta goi mailako Nazioarteko Egutegira iristea erraztuko zien egitura bat izateko premiaren eraginez sortu zen. Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak (UCI), pistako espezialitateari bultzada handiagoa emateko asmoz, Pistako Talde Profesionalen sorrera aintzakotzat jotzen zuen arautegi berria aurkeztu zuen 2004an. Arautegi horren arabera, talde profesional hauek, estatuetako selekzioekin batera, espezialitateko gertaera handietan lehiatzeko aukera izango dute (Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketetan izan ezik). Une horretatik aurrera, Cespa Euskadi taldea eratzeko lanari heldu zioten, harik eta, 2007-2007 denboraldian lehian hasi zen arte.
Lehiaketa-egutegia joan den asteburuan hasi zen, Ganten (Belgika) jokatutako pistako txirrindularitzaren Europako Txapelketarekin. Unai Elorriagak borontzezko domina lortu zuen eta zilarrezkoa lortzeko puntu batera geratu zen. Bestalde, Ana Usabiagak nazioarteko beste proba garrantzitsu batean parte hartu, Grand Prix de l’Humanité delakoan alegia, eta puntuazio-modalitatean nagusitu zen.
Hemendik aurrera, Cespa Euskadi taldeko kideek Munduko Kopako lau proba gainditu beharko dituzte nazioarteko hitzordu hauetan: urriaren 30ean Manchesterren (Ingalaterra), azaroaren 19an Melbournen (Australia), abenduaren 10ean Calin (Kolonbia) eta urtarrilaren 22an Beijing-en (Txina). Azken proba honen aurretik, Espainiako Txapelketan lehiatuko dira urtarrilaren 29tik 31ra bitartean, eta denboraldia amaitzeko, Kopenhagen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko dute, martxoaren 24tik 28ra bitartean.
Hauexek dira taldeko kideak:
– Unai Elorriaga (Etxebarri, 1980). Beti tartekatu ditu errepideko txirrindularitza eta pistakoa; errepideko txirrindularitzan, Espainiako 23 urtez beheko eta profesionaletako txapelduna izan zen 2003an eta 2004an. 2005An pistako txirrindularitzan jardutea erabaki zuen, baina errepideko txirrindularitza baztertu gabe, modalitate honetan garaipen handiak lortzen jarraitu duelarik.
– Hodei Mazkiaran (Altsasua, 1989). Espainiako Txapelduna izan da hainbat aldiz, eta nazioarteko lehiaketan ere aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu. Aurten, lehendabiziko aldiz, bigarren postua lortu du Munduko Kopako probetan, Keirin modalitatean.
– Iban Leanizbarrutia (Elorrio, 1988). 2008an, Espainiako Txapelduna izan zen 23 urtez beheko Scracht modalitatean. Aurten, zilarrezko dominak lortu ditu estatuko txapelketan, Puntuazioa eta Scracht modalitateetan, eta Munduko Kopan ere parte hartu du lehendabiziko aldiz.
– Martzel Elorriaga (Berriz, 1988). Bi urrezko domina eta zilarrezko domina bat lortu zituen 2005eko Espainiako txapelketetan, eta urte bereko Europako eta Munduko txapelketetan ere parte hartu zuen. Iaz, Espainiako txapelduna izan zen 23 urtez beheko Puntuazioan.
– Leire Olaberria (Ikaztegieta, 1977). Berandu samar sartu zen txirrindularitzan (aurretik, atletismoan jardundakoa da, arrakasta handiz). Egundo ez bezalako bilakaera izan du. Beijingo Olinpiar Jokoetan lortutako brontzea da orain arte izan duen garaipenik handiena.
– Ana Usabiaga (Ordizia, 1990). Junior kategorian, 15 urrezko domina irabazi zituen 2005 eta 2008 urteen arteko Espainiako txapelketetan, modalitate desberdinetan. 2008an, bosgarren postua lortu zuen Munduko Txapelketan eta Europako Txapelketako banakako probetan.
– Raúl Mena (Bilbo, 1974): managerra. Txirrindulari bezala ibili ondoren, tenikari lanetan hasi zen Pistako Txirrindularitzaren Euskadiko Selekzioan (1996-2004). Sasoi honetan, sari ugari lortu zuen (Espainiako Txapelketak eta Pistako Txirrindularitza Ligaren ondoz ondoko bost edizio). 2004an, Euskal Txirrindularitza Federazioko Zuzendari Tekniko izendatu zuten, baina kargu hau 2006an utzi zuen Cespa Euskadiren sorrera bultzatzeko.