basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Imagen25.jpg
Besteak 10
iraila
2009

Munduko Piraguismo Txapelketa.

BAT Basque Teameko piraguistak itxaropentsu Munduko txapelketaren atarian.

Nazioarteko lehiaketarik garrantzitsuena da Beijing-eko 2008ko olinpiar hitzorduaren ondoren, eta oraingo honetan 60 herrialdetako 350 piraguista baino gehiago elkartuko ditu

Estatuko taldea, 18 palistaz osatutakoa, Slalom kategoriako lehen domina lortu nahian lehiatuko da. Aukera gehien dutenen artean, Beijing-en laugarren postua lortu zuen Ander Elosegi (C1) eta Maialen Chourraut (K1) gipuzkoarrak nabarmen daitezke

Probak Bartzelonako Olinpiar Jokoetarako eraiki eta Estatuko taldeko palista askok entrenatzeko erabiltzen duten Parc del Segre-ko kanalean jokatuko dira

BILBON, 2009ko Irailak 9.- Bihartik aurrera Seo D’Urgell-en (Lleida) egingo den Munduko Slalomeko Piraguismo Txapelketan, BAT Basque Team-en beka jaso duten zazpi euskal palistak parte hartuko dute modalitate desberdinetan. Joan Crespo (K1 Gizonezkoak), Maialen Chourraut eta Jone Otaño (K1 Emakumezkoak), Ander Elosegi eta Jon Ergüin (C1) eta Jon Larrañaga eta Aitor Goikoetxea (C2) dira, beste hamaika piraguistarekin batera, Xabier Etxanizek zuzentzen duen Estatuko selekzioko kideak, Slalom diziplinako lehen domina lortzeko asmotan jardungo dutenak. Lehiaketa gaur inauguratuko da, eta hauxe da Olinpiar Jokoekin batera kirol modalitate honetako probarik garrantzitsuena, 60 herrialdetako 350 kirolari baino gehiago bilduko dituena.

Ander Elosegi eta Maialen Chourraut gipuzkoarrek domina lortzeko aukera garbia dute. Irundarrak laugarren postua lortu zuen joan den udan C1 kategorian, Beijing-eko Olinpiar Jokoetan, eta ondorioz, ilusioz eta konfiantzaz beteta aurre egingo dio lehiaketa honi, nahiz eta, bere ustetan, “kirol maila Olinpiadetakoa baino handiagoa izango den”, bereziki gogoan hartzen badugu “ordezkari bat baino gehiago izango direla herrialde bakoitzeko”. “Pausoz pauso ibili nahi dut, finalera zaratarik atera gabe iritsi, eta buru-belari jardun unerik garrantzitsuenetan. Beijing-en egindako lanak onenekin lehiatzeko gauza naizela frogatu zidan”, azaldu du palistak.

Bestalde, K1 Emakumezkoetan lehiatuko den Maialen Chourraut sasoi betean dago Beijing’08n izandako partehartzearen ondoren. Lasartearrari berebiziko ilusioa ematen dio lehiaketa Bartzelonako Olinpiar Jokoetarako eraiki eta espainiar palista askok entrenatzeko erabili ohi duten Parc del Segre-ko kanalean egiteak. Bere iritziz, “Seo-n, ‘bertakoak’ bagina bezala jokatuko dugula aprobetxatu behar dugu. Kanal horren itzulinguru eta zokondo guztiak ezagutzen ditugu, eta nik uste dut oraingoan taldeak domina bat irabazteko aukera duela”.

Xabier Etxaniz taldearen arduradunak ere emaitza ona lortzeko itxaropena agertu du. Bere iritziz, “kanalaren ezagutza ezinbestekoa da maila horretako lehiaketa bati aurre egiteko. Palistek ondo jardun dute entrenamenduetan, ezustekorik gabe eta adorez gainezka”. Gipuzkoarraren ustez, “hauxe da kategoria desberdinetan domina irabazteko aukera ematen duen lehen txapelketa, euskal piraguistak onenekin neurtu baitira azken hilabeteotako norgehiagoketan”.

Sailkapen-txandak

Modalitate bakoitzeko sailkapen-txandak bihar hasi eta ostiralera arte luzatuko dira, eta finalaurrekoak eta finalak lehiaketako azken egunean egingo dira, igandean, irailak 13, 09:00etatik aurrera.

Slalom delakoa ur bizietan (ibaietan nahiz kanal artifizialetan) egiten den piraguismo modalitatea da, 250 eta 400 metro tarteko esparruetan. Partehartzaileek ate jakin batzuetan zehar eta denborarik laburrenean egin behar dute zehaztutako ibilbidea. Atea berdea denean, palistek korrontearen norabidean igaro behar dute, baina ateak gorriak direnean, korrontearen aurka jo beharko dute. Atea gorputzaz, ontziaz edo palaz jotzeak puntu-penalizazioa ekarriko du. Penalizazio horien batura sailkapen orokorrera eramango da, eta ondorioz, liderra punturik gutxien duen palista izango da.

BAT Basque Team-en xedea, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren (EITB) babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial.