basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Imagen27.jpg
Besteak 23
uztaila
2009

Everest-era espedizioa Hornbein korridoretik.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Everest igotzen saiatuko dira Hornbein korridoretik alpetar erara.

Bueltan dira eta alpetar erara oraingoan ere. Makaluko azkeneko espediziotik hiru hilabete besterik bete ez diren honetan, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza zortzimilakoen erresumara bueltatuko dira, Himalayara, beste behin ere zailtasun handiko bide bat era alpetarrean eskalatzeko asmoarekin. Hau da, sherpen eta oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe, altuerako kanpalekurik eta sokarik aurrez jarri gabe, ahalik eta modurik garbi eta arinenean. Oraingoan helburua beste bat da: EVEREST (8.848 metro), baina biderik zailenetako batetik, Hornbein korridoretik. Bide horretatik behin baino ez da jo gailurra hiru mendizaleek egin nahi duten estiloan.

HORNBEIN Korridoreak zuzen-zuzen gainditzen du munduko mendirik garaienaren iparraldeko aurpegia, 3.000 metroko hormatzarra. Azken 20 urteotan jendetza izugarriak bildu dira Everesteko ohiko bi bideetan (4.000tik gora igoera horietatik gehien-gehienak bi bide horietatik egin dira) baina Everest masifikatu horren aldean Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak eskalatu nahi duten bideak zazpi igoera baino ez ditu, eta zazpi horietatik bakar bat oxigenorik gabe eta estilo alpetar garbian. Azkeneko igoera Hornbeinetik 1991. urtekoa da; datu horrek berak argi adierazten du bidearen zailtasuna.

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzaren asmo berri honek estilo alpetarraren alde egiten du beste behin ere. Alpinismo garbiaren esentzia aldarrikatzen du estilo horrek: pasarte zailenetan aurrez sokarik finkatu gabe, altuerako kanpalekurik jarri gabe, oxigeno artifizialik eta altuerako zama-eramailerik erabili gabe igotzen ahalegintzea. Zailtasunaren aldeko apustua da, kosta ahala kosta arrakasta lortzearen kaltetan; nola edo hala kirol hau ulertzeko modu bat aldarrikatu nahi da, gailurra lortzea bezain garrantzitsua dela erronkari nola heltzen zaion, zein estilotan, zein bidetatik…

NATURGAS HORNEBEIN 09 espedizioa abuztuaren amaieran abiatuko da. Irailaren aurreneko astean helduko dira taldekideak Kanpaleku Nagusira (5.700 m); Rongbuk glaziarrean ezarriko dute hilabete pasatxoan beren bizilekua izango dena, munduko gailurrik garaienaren iparraldeko aurpegiaren altzoan. Aurrez, hiru taldekideek altuerara egokitzeko programa berritzailea abiatuko dute: etxean bertan, kamera hipobarikoen edo altuera simulatzaileen bidez hainbat saio egingo dituzte. Behin Kanpaleku Nagusira iritsita, aklimatazio hori osatzeko Ipar Lepora igoko dira (7.000 m) eta handik goragoko beste kanpaleku batera (7.400 m) Everesteko ipar-ekialdeko ertzetik. Gailurreko saioak, eguraldiaren arabera betiere, iraileko azken astetik aurrera etorriko dira.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren abentura berriak BAT Basque Team Fundazioaren eta Naturgas enpresaren babesa du beste behin ere. Hiru alpinistek 25 zortzimilako igo dituzte hiruren artean eta eskarmentu handia dute era alpetarrean. Besteak beste, Shisha Pangma, Lhotse, el Cho Oyu, Aconcaguako hego horma eta Lempo Gan mendiak igo dituzte modu horretara.