basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Imagen30.jpg
Besteak 07
uztaila
2009

Patxi Usobiagari harrera Eibarren.

Eibartarrek harrera beroa egin diote munduko eskalatzailerik onenari.

Munduko eskatzailerik onena eibartarra da, eta Eibarko herriak ez du dudarik egin ondo merezitako omenaldia eskaintzeko. Xining-en (Txinan) garaipena lortu eta 48 ordu eskas geroago, Patxi Usobiagak geldialdi bat egin du bere lehiaketa-egutegi trinko-trinkoan –asteburuan Munduko Txapelketako proba batean lehiatuko da Frantziako Alpeetan–, bere herriko bizilagunen omenaldia jasotzeko Eibarko Udaletxean.

Omenaldiaren barruan, prentsaurrekoa antolatu da Udaletxeko batzar-gela nagusian, eta bertan, eskalatzaile gipuzkoarra Miguel de los Toyos alkatearekin eta Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Patxi Mutiloarekin batera azaldu da. Jarraian, harrera ofiziala egin zaio, 19:30etatik aurrera.

Azken hiru mundu-txapelketetan zilarrezko domina lortu ondoren, Patxi Usobiagak Eskaladako Munduko Txapelketa irabazi zuen estreinako aldiz igandean Xining-en, zailtasun-modalitatean. Adam Ondra txekiarraren aurka jokatutako hil ala biziko finalean, Usobiaga azken ekinaldian nagusitu zen. Eibartarraren beteranotasuna erabakiorra suertatu zen Adam Ondra 16 urteko gazte txekiarrari aurre egiteko, baina Ondrak datozen urteotako eskatzailerik handienetakoa izateko zantzuak erakutsi ditu.

Eskalatzaile gipuzkoarrak azken uneraino borrokatu behar izan zuen garaipena erdiesteko, eta goraino igo eta top eginez helburu nagusia betetzea lortu zuen arren, bere arerio gaztearen jarduna amaitu arte itxaron behar izan zuen, ez baitzizkion gauzak erraztu inondik ere. Norgehiagoka ohiko hiru modalitatetan jokatu zen —abiadura, blokea eta zailtasuna—, eta horiei, dyno edo jaurtiketa deritzon kategoria berria gaineratu zitzaien. Patxik bloke-modalitatean ere parte hartu zuen, baina zailtasuna izan zen, zalantzarik gabe, bere benetako apustua. Sailkatzeko probetan, ohorezko postuetatik urrun geratu zen, 12.ean alegia, baina finalerdia bigarren amaitu zuen Ondraren atzetik, hauxe izan baitzen top egin zuen bakarra.

Zortzi eskalatzaile lehiatu ziren finalean: Ondra, Valeri Kryukov, Cédric Lachat, Tatsumi Nitta, Sea McColl, David Lama, Sachi Amma eta Usobiaga bera. Finalerdian egindako jardunaren arabera, Patxi azkenaurreko postuan abiatu zen. Bidea arras teknikoa izanik, euskal eskalatzaileak bidea trebetasun handiz eta estilo paregabean egiteko gauza dela frogatu zuen, urrea bereganatzeko aukera erakarriz. Zirrara eta egonezina proba amaitu arte mantendu ziren, titulua irabazi nahian zebilen eskalatzaile txekiarra baitzen proba osatu behar zuen azkena. Hiru minuturen buruan goraino iristea lortu zuen, baina azken ekinaldian huts egin eta zilarrezko dominaz konformatu behar izan zuen. Brontzea Lama austriarrak irabazi zuen.

Munduko Kopa Chamonix-en

Usobiagak geldialdi bat egin du bere lehiaketa-egutegi trinkoan herriko bizilagunen omenaldia jasotzeko, eta asteburuan, Frantziako Alpeetara abiatuko da Munduko Kopari dagokion lehen proba jokatzeko Chamonix-en. Munduko Txapelketan lortu berri duen garaipenari esker, lehenengo unetik sailkapeneko liderra izateko itxaropena du gipuzkoarrak.

Hauxe da BAT Basque Team-en babespean diharduen Patxi Usobiaga (Eibar, 1980-9-7) eskalatzaileak orain arteko palmares bikainari gaineratu dion azken titulua, 2006 eta 2007an irabazi zituen Eskaladako Munduko Kopak, 2008ko Europako Txapelketa, 18ez beheko eta 20ez beheko munduko txapelketetan lortutako brontzezko dominak, 18ez beheko golardo europarra, bi Espainiako txapelketa, eta 2003, 2005 eta 2007ko munduko txapeldunordetza tarteko direla, baita haitz gaineko proba ez ofizial batzuk ere. 8A.NU webguneak eta Climbing aldizkari iparramerikarrak urteko eskalatzaile aukeratu zuten 2006 eta 2007 urteetan.